Egindako batzarretan, Euskal Herriko Federalistak-Unión de los Europeístas Federalistas de Euskadi (EF/UEF Euskadi) elkartea eratzea adostu dute bi erakundeek. Joan den urtean ekin genion herritarren artean ideia federalistak zabaltzeko eta Euskaditik Europan eta Espainian bultzada federala indartzeko helburuarekin bi erakundeak elkartzeko bideari, gure garaiko erronkei erantzun erabilgarriagoak eta eraginkorragoak emateko eta aldi berean gure gizarteen aniztasuna babesteko.
Elkarte berria Euskal Herriko Federalistak elkartea parte den Por una España Federal Elkartean nahiz Europar Batasun Federalistan (UEF) integratuta egongo da. Bi elkarteak integratzearen ondorioz sortutako elkarte berriak Batzar Orokorra egin arte, Zuzendaritza Batzorde bat eratuko da, bi elkarteetako lehendakariek bideratuko dutena eta elkarteetako zuzendaritzek osatuko dutena.
Elkarte berriak ideia federalistak eta europazaleak zabaldu nahi ditu euskal gizartean, eta balio humanistiko, demokratiko eta kulturalak garatzen lagundu, federalismoari buruzko ideien eztabaida sustatuz, politikoa, soziala, ekonomikoa eta kulturala izango den ikuspegi zabal batetik. Ildo horretan, elkarteak konpromisoa hartu du Europa gero eta integratuagoa eta federalagoa eta gizarte askeagoa, bidezkoagoa, solidarioagoa eta demokratikoagoa garatzeko lan egiteko. Era berean, Espainian federalismoaren garapena bultzatuko du, bai eta Euskadiren autogobernu sendoa eta aniztasun politiko eta kulturala bermatzea ere. Horrela, erakunde berriak elkarrizketa eta bizikidetza emankorraren aldeko apustua egiten du euskal gizartearentzat, Espainiakoarentzat eta Europakoarentzat, sentsibilitate eta nortasun anitz eta askotarikoak partekatzen dituzten pertsona eta herri desberdinez osatutako gizarteentzat.