EUSKAL HERRIKO FEDERALISTAK ETORKIZUNAREN GILTZA IZANGO DIREN HAUTESKUNDEEN AURREAN
Eibar, 2019ko maiatzak 19
Espainiaren eraldaketa federala defendatzen dugunok gogoratzen dugu ideal europarra eta horren gauzatzea Europar Batasunean askatasun, aurrerapen eta elkartasun iturri izan direla. Batasunaren ametsak bide eman die beraien lurrean gerrarik ezagutu ez duten lehenengo belaunaldiei, eta 28 herrialdetara hedatzen den integrazio prozesuak, ezagutzen den bake-aldi handienarekin, aurrerabide ekonomiko eta sozial handi bat ahalbidetu du.
Hala ere, Europar Batasuna aldi bereziki larria ari da pasatzen. Krisi ekonomikoak garbi erakutsi zituen zonalde europarrak gobernantza ekonomiko eta sozialean dauzkan mugak eta batasun ekonomiko eta monetario osatugabe baten gabeziak. Finantza krisiaren kudeaketa desegokiak, zeina denboran gehiegi luzatu baitzen, areagotu egin zituen kontinente barruko, iparraren eta hegoaren, ekialdearen eta hegoaldearen eta aski dirudunen eta baztertuen arteko desorekak.
Gainera, errefuxiatuen krisiak ere erakutsi du Europar Batasunaren ezintasuna krisi humanitario hain larri bati modu eraginkorrean aurre egiteko politika komun eta egokiak erabakitzeko bere ezintasuna. Gobernantza sistemaren ahultasun eta kontraesan garrantzitsuek ez dute aukerarik eman migrazio, asilo eta muga gaietan politika komun bat edukitzeko.
Norberekoikeria nazionala eta ikuspegi, borondate eta gaitasun gabezia nagusitu dira orain arte beharrezko erreformak egiteko borondatearen gainetik. Eta emaitza hau da: egitasmoarekiko atxikimendua gutxitu egin da eta EB ongizate ekonomiko eta sozial bezala ikusten ez dutenen kopurua gehitu egin da. Erakunde desberdinak pozik ez egote horretaz aprobetxatu egiten dira. Indar intolerante, baztertzaile eta erreakzionarioek berriro indarra hartu dute eta integrazio prozesuak, Zuzenbide Estatuaren beraren defentsarekin, porrot egiteko arriskua dauka.
Esan ohi da porrot egiteak ez duela erortzea esan nahi, zutitu nahi ez izatea baizik. Gure etorkizuna Batasuna da eta Batasunean dago. Estatu bakoitzak berekasa garrantzia galtzen du munduan. Eta are gehiago historiaren une hauetan, non erronka global izugarriei aurre egin beharrean aurkitzen garen.
Baina badira europar batasunean atzera egin nahi dutenak, Estatu kideentzat eskuduntzak berreskuratuz eta Batasuna merkatu komun bat bakarrik izan dadin lortuaz, arau sozial eta ingurumen arau komunik gabea; hiritarren zuzenbide funtsezkoak babesteko gai izan behar duen eskumenik gabea; kohesio sozial eta territorialerako mekanismorik gabea; langileen mugikortasunerako askatasunik gabea; politika partekaturik gabea enplegu, babes sozial, osasun publiko, kultura, hezkuntza eta prestakuntza, ikerketa, industria, garraio edo babes zibil eta abarretarako. Eduki hustuketa horren aurrean alternatiba zera da, etxe komuna sendotzea, erakunde komunitarioak zentzu federalean sendotzea alegia.
Gure sorrerako adierazpenean, Euskal Herriko Federalistok Europa sozial eta politiko kohesionatuago batekiko konpromisoa azaldu eta EB zentzu gero eta federalagoan gobernatzea eskatzen genuen. Gure ustez, hori da bidea aurrera egiteko, funtzionamendu eraginkorragoa lortu eta egoera larrien aurrean berehala eskuhartzeko gaitasuna edukitzeko.
Europa ekonomiko, sozial eta politikoki kohesionatuagoa Europa federalagoa izango da eta eremu gehiagotan edukiko ditu politika komunak. Bere gobernu sistemak elementu konfederalak –gobernuartekoak- apurka ahultzea ekarriko du, oraindik oztopatu egiten baitituzte, eta izaera federalekoak berrindartzea, integrazio handiagoa eta hobea bermatuko dutelarik. Europar Batasunak sendotu behar du aurrera jarraitzeko borondate hori, sorreratik beretik espresuki finkatua daukan jomugarantz.
Europa gutxiagorekin, erremediorik gabe egingo dugu porrot. Ez gara libreagoak izango, ez eta geure helburuen jabeagoak ere, alderantziz baizik. Lankidetzan jardutea, elkarri lagunduz, partekatuz, hori da gaur egun lehiakorra izateko modu bakarra. Partekatzea litekeena da, errentagarria eta sekula baino beharrezkoagoa.
Europar Batasunari zeregin eta eskuduntza gehiago egozten bazaizkio bere funtzionamendua hobetu egin behar da: Europar Kontseiluak prozedura gardenagoak eta gobernantza eraginkorragoa behar ditu, bere jardueren zaintza handiagoarekin, Batzordea bere proposamenen kontrol demokratikopean egon dadila, Europako Parlamentuak, Itunaren markoan, botere legegile eta aurrekontuetarako gaitasun handiagoa eduki dezala.
Berriztatuko dugun Parlamentu horrekin batera, beste erakunde europar batzuek zeregin berriak eta garrantzitsuagoak egin behar dituzte: Eskualdeen Komiteak sendotu egin behar du bere kontsulta izaera ikuspegi federalarekin, eta Komite Ekonomiko eta Soziala gehiago hartu behar da kontutan gizarte zibilaren ordezkari gisa.
Hori guztia maila batean datozen hauteskundeetan aukeratuko ditugun diputatuen eskuetan egongo da. Batasunak ekarri dituen alderdi baikor guztiak ikusi dituzten pertsonek aukeratuko dituzte. Baina belaunaldi horien eta etorkizunekoen Europar Batasunarekiko lotura ezin da geratu oroitzapenaren baitan bakarrik. Aurrean erronka oso garrantzitsuak dauzkagu. Batzuk oraindik konpondu ez dugunaren edo errepikatu daitezkeen okerren emaitza dira, eta beste batzuk, ingurumen erronkatik eratorriak adibidez, funtsezkoak dira etorkizunerako eta horretan Europak erreferentzia hoberena izan daiteke eta izan behar du.
EBko politikak oharkabean pasatu dira iragan hauteskundeetan. Bazirudien (oker) ez zegozkiola gobernu berriak bere gain hartu beharreko erronkei, alderantziz, politika europarra gero eta gehiago delako politika nazionala eta gutxiago nazioartekoa.
Orain Europako hiritarroi interpelatzen zaigu. Aurrera egin dezake, Europaren kohesio ekonomiko, sozial eta territorial handiagoari bultzada eman bere arazoei hobeto aurre egiteko, printzipio demokratikoa egokiago gauzatzeko, elkartasuna hobeto burutzeko, azken batean, irabazteko; edo, alderantziz, atzera egin dezake, integrazio prozesua eraitsi, berriro mugak altxatu, hau da, atzerantz bildu daiteke, barnean sartu eta galdu.
Euskal Herriko Federalistak kanpainan parte hartuko du hauteskunde kanpaina ez dadin aukera galdu bat bihurtu, Europaren bahiketa berri bat erraztuko duena. Bere etorkizunari buruz erabakitzeko aukera honetaz baliatu nahi dugu eta eskatzen dugu eztabaida politikoek maila, adimen eta pedagogia egokiak eduki ditzatela. Gure eskakizuna eta konpromisoa da.
Eibarren, 2019ko maiatzaren 7an