HAUTESKUNDEAK ETA LURRALDE-AUTONOMIA: ETORKIZUNERAKO PROPOSAMENAK EGITEKO UNEA
Bilbao, 2019ko urriaren 24
Hauteskundeak, sistema demokratiko orotan, une erabakigarria dira alderdi politikoen eta gizarte zibilaren arteko harremanean. Alderdiek gizarteak aurre egin beharreko erronkak aztertu, lehentasunak adierazi eta proposamenak hauteskunde-programa batean zehaztu behar dituzte. Indar politiko bakoitzak gizarteari bere babesa lortzeko proposatzen dion kontratua bihurtzen den programa.
Espainiako gizarteak aurrean duen erronkarik garrantzitsuenetako bat lurralde-autonomiei dagokiena da. Ez da bakarra, egiatan, eta askok pentsa dezakete ez dela funtsezkoa beren ongizatea eta askatasunak bermatzeko. Gure ustez, oker daude. Lurralde-autonomien sistemaren krisia da seguraski, gure bizikidetza lur joarazi dezakeen faktoreetako bat. Eta behar bezala taxutzeko ezintasuna da arrisku berehalakoenetako bat, eta horrek gure sistema demokratikoa ezegonkortu dezake, porrot eginaraziz. Egungo egoerak bi arriskuen tamaina baiesten du.
Egungo autogobernuak suposatzen duen lorpen historiko izugarria aitortzeak ezin du berekin eraman arazoak bazter uztea, eta are gutxiago, alternatiben bilaketa saihestea. Zenbat eta beranduago aurre egin, orduan eta zailagoa izango da ondo egitea. Konponbideak premiazkoak dira, baina edozein konponbidek denbora beharko du. Alderdi politikoek kontuan hartu behar dute hori, eta lehenbailehen hasi behar dute proposamenak aztertzen, planteatzen eta eztabaidatzen.
Gure Elkarteak abiatu beharreko bideari buruz bere iritzia eman du: sistema autonomikoaren erreforma, kaudimen handiagoa erakutsi duten sistema federalen esperientzian oinarrituta. Erreforma horrek, neurri handi batean, Konstituzioaren erreforma ekarri behar du. Proposamen bideragarria, erabilgarria eta integratzailea da, eta horri bidea ireki behar zaio. Beste edozein bide ez da behar bezain sinesgarria, arazoak behar bezala konpontzeko gaitasunik ez duelako edo arazoak, haustura soziala eta herritarren frustrazioa areagotzen dituzten irteerarik gabeko bideetara eramango gintuzkeelako.
Jabetzen gara lurralde-autonomia zentzu federalean erreformatzeko bidea neurri arinekin edo adostasunik gabe konpondu ezin den garrantzi handiko zeregina dela. Baina bide konplexu eta zailtasunez betea izateak ez digu eragotzi behar ezinbestekoa dena egitea: lehenbailehen ekitea.
Azaroaren 10eko hauteskundeak alferrik galdu ezin dugun aukera dira, herritarrak gure botoarekin eta erakunde politikoak beren ekimenekin. Alderdi politikoak gonbidatzen ditugu ikuspegi estu eta irismen laburreko batean harrapatzen ez uztera (zerbait ohikoa, zoritxarrez, hauteskunde kanpainetan), eta Espainiako gizarteak dituen erronken ikuspegi zabal batez hornitzera, sakoneko arazoen gainean argia bota dezaten eta bide egingarriak, eraginkorrak eta adostasun zabal batera irekiak eskain ditzaten. Jokoan daude gure bizikidetza soziala eta gure sistema demokratikoa.
Euskal Herriko Federalistak Elkartearen Zuzendaritza